Aldi bereko begirada Periferiak ekintza da eta, ekintza izaki, bere txikitasuna eta tolesgabetasuna bazterrean utzirik, helburu berriak jartzen dizkio bere buruari: esperientzia berriak, hain zuzen espazio kritikoak anizteko eta berriak finkatzeko gai izango den errizoma erako bilakaera bat bere egiteko. Orain arte Livornon (Italia) eta Bilbon egindako bi edizioek ezohiko interesa erakutsi dute, eta horri buruzko hainbat galdera planteatu dizkiogu geure buruari, Euskal Herriko testuinguru espezifikoan lanabes berriak geure egitearren, eta espazio-denbora periferiko honetan zehar agertuz joan diren konplizitate guztiei jalkitzen uzteko. Gure lana mundu honetako izaki gisa gureak diren eta, oso modu arriskutsuan, kultur politika postmodernoen zirkuituan husturik eta sinplifikaturik dauden bi kontzeptutatik abiatzen da, periferia eta memoria kontzeptuetatik alegia. Beharbada beste kontzeptu bat erantsi beharko genuke: esperientzia. Izan ere periferia munduan egoteko modu bat da, ikuspegi bat, begirada bat ere bai aldi berean. Bere jatorri greziarraren arabera, periferiak gauzak inguratzen dituen begirada bat adierazten du, gauza horietan zehar dabilen baina azkenean horietako batekin berarekin ere identifikatzen ez dena. Gauza guztietan egotea eskatzen du, eta batean ere ez, aldi berean gainera; errealitate desberdinak lotzen eta kondentsatzen eta egoera desberdinak atzematen dituen esperientzia bat izan nahi du. Begirada periferikoa, berez, heterogeneoa eta askotarikoa da eta, horrexegatik, ez die ihes egiten, ez da ezkutatzen, ezberdintasunen, gatazken eta borroken aurrean. Hortxe dago, bere izateak eragozpenik eragin badezake ere; baina bere kokapena ez da estatikoa: egote dinamikoa da, ezohikoa, praktikak lur-gabetu egiten ditu, garaituta zeudela uste zuten edo horrela egotea nahi zuten teoriei berriro lurralde bat emanez. Diskurtso eta forma etiko, estetiko, politiko, zientifiko itxiekin bat etortzeari uko egiten diogunean, eta kultur kontsumoaren logika anestesiagarriarekin bat ez egitean, uko egiten diogu, halaber, gure historiak patu bakartu, eta beren egoerengatik indarrez itxitako patu gisa ikusteari. Historia ofizialean zehar dabilen historia-aniztasun horretarantz begiratzen dugu, aniztasun horretakoak baitira eguneroko bizitzea betetzen duten historia ezabatuak. Eta ikusgarri egin daitezen bilatzen dugu, hau da, sare bidez egiten dugu lan, benetako aukera izan dezaten norbaitek komunika ditzan, parteka ditzan, hitz batez esanda, ber-aurkeztuak izan daitezen. Memoria erreskate gisa Egunero gure oraina egiten eta desegiten duten egia-jokoetako erreskate bat. Honakoa baita dakiguna: “egia ezin da bereizi egia bera ezarri duen prozesutik” . Beraz, historia askotariko horiek, eguneroko eta aparteko horiek erreskatatzea da kontua, historia egitera iritsi ez edota historia izatea planteatu ere egin ez zutenak alegia, eta agian egunen batean historia izango direnak; horiek gure memoria periferikoak baitira. Egia bat produzitzeko beharretik kanpo kokatzen da gure lana, nahiago baitugu denak zalantzan jarri. Orain edo presente honetan hondoratzea, partekaturiko ondoezen espazio-denbora baita, eta beste egia bat izatera itzuli: egia kamikazetu, ofizial eta legitimo gisa ageri zaizkigun guztiak opako egiten saiatu. Oso gertuko adibide bat: galera egunero-egunero bizi dugun zerbait da Bilboko kaleetan, bertako gizarte, paisaia eta hirigintza aldetiko eraldaketa bizkor, bizkorregien eraginez. Eta ikusten dugu hiri espazio jakin batzuk galtzean, horiei loturiko denbora bat ere galtzen dela. Bere biztanleen esperientziaren denbora, ahazten diren edo oroitzapen bakar batek, eraldaketarenak, ordezkatzen dituen memoriak. Eraldaketaren egiak zalantzan jartzen ditugu... Eraldatu, norantz? Zergatik? Eta ertzak nabarmen ugaritzen ari direla ikusirik, gure ustez kultura kritiko batek ahalegina egin behar du kulturen konplexutasuna konektatzeko, kapitalez eta gerrez egindako mundutik at. Horrexegatik hain zuzen, oso zentzuzkoa da Periferiak-en egitarauko ekitaldi guztiak azpimarratzea, mahai bat besteren gainetik nabarmentzeke, parte hartzen duten autoreen izen ospetsu edo ez hain ospetsuekin jolasean hasteke. Guk periferikotzat definitzen dugun kulturak, ertzean den baina bazterrekoa ez den kulturak, ikusgarritasun espazio propioak berreskuratzeko garaian, diru publikoaren sostengua izateko eskubidea errebindikatzea. Marjinalitateari buruzko diskurtsoak biltzen gaitu, eta horregatik diskurtso hori kultura alternatibo, mestizo eta abangoardiakoekiko formulatu behar dugu. Erresistentzia eta antagonismo zirrikituak, azken aztarnak, ezinbestekoak eta neuralgikoak dira ekonomia eta komunikazio sistemen mundu-mailako bihurtzeaz hitz egiteko. Horrek, zeharkatzen gaituzten jakinduriazko zorrotxo hauetatik homogeneotasunari aurre egitera garamatza. Bi edizioetan zehar gonbidatutako autore eta pentsalari guztiek, era batera edo bestera, ahazteko ezintasunaren eta ahazte sortzaile baten beharraren arteko tentsioa erakutsi digute; izan ere, tentsio horrek askatu egingo du gizakia, diskurtso bakarrak kolonizatzen duen historiaren zama astuna kenduko baitio. John Berger-en obra –Páginas de la herida egilearen baietzak egin zuen posible Livornoko edizioa— denborari eta heriotzari buruzko hausnarketaren adibide ezinbesteko bat da. Bere Doce tesis sobre la economía de los muertos lan izugarrian, hermeneutika funerario deitu dezakeguna aplikatzen du: “Nola bizi dira biziak hildakoekin? Kapitalismoak gizarteari gizatasuna kendu ez zion bitartean, bizi guztiek hildakoen esperientzia iristea espero zuten. Azken etorkizuna horixe baitzuten. Berez, osatu gabe zeuden. Halaz, biziak eta hilak elkarren mendekoak ziren. Beti. Bakar-bakarrik gaur egungoa bezalako egoismo modu bitxi batek hauts zezakeen elkarren mendekotasun hori. Eta emaitzak ezin suntsitzaileak izan dira bizientzat, orain uste baitute hilak desagertu egin direla”. Eleberri eta saio-idazle britainiarrak hildakoen begiradaren pean jartzen ditu gauzak, des-eraikitze sinbolikorako forma gisa. Baina bere idazkerak ez dio heriotzari jarraitzen, bizitzaren denboraz egiten du lan, bizien eta hilen arteko erabateko elkartasuna adierazteko zapalkuntza, bidegabekeria edo mespretxu baten aurrean gizatiarra mehatxupean dagoen bakoitzean. Bergeren idazkerak, bizi izandako esperientzian hil-osteko izate bat erreskatatzen du, eta memoriaren esperientziara hurbiltzen gaitu, orain bat balitz bezala. Zentzu- zubiak Ulergarriagoa egiten da horrela, autorearen obrakoa denaz egiten dugun erreskatatzea, eta bide batez azaldu egiten digu aurtengo ediziorako (apirilaren 25etik maiatzaren 1era bitartean Bilbon eta ekainaren 1etik 4ra bitartean Donostian, Artelekun, izango da) planteatzen dugun egoera eta topaketa binomioa. JØrgen Leth, Antonio Méndez, Dora Salazar, Teresa del Valle, Joaquín Jordá, Philippe Bourgeois, Giovanni Arrighi, Belén Gopegui eta Santiago López Petit izango dira, beste autore batzuen artean, bere Ikusteko moduetara eta Kontatzeko moduetara hurbilduko gaituztenak, aipatutako egunetan zehar horiekin izango diren solasaldi eta topaketetan zehar. Era berean, Zubiak-en egitarau paraleloak (aurten hainbat ekintza izango ditu Bilboko zubietan, dokumentalak, musika eta antzerkiarekin batera), orain artean azaldutako guztia zeharkatzen du. Gauaren eta egunaren arteko zubiak baina, batez ere, iritsi ezindako bi ertzen arteko zubiak, sorkuntzaren birtuosismoa baitugu batean, eta homogenotasunaren ukatzea bestean. Bilbo eta Donostia gure laborategiak izango dira. Periferia eta memoria, beti presente baitira, gonbidatutako autoreen ikusteko moduekin eta kontatzeko moduekin harilkatuko dira, eta esperientzia bat osatzen joango dira; horretan zehar, gonbidatuen historiak lurralderik gabe geratuko dira, nolabait, eta hainbat tokitan zatituko, eta tokiek, berriz, bere historiei lurralde bat emango diete, kolektibotzat ditugun memoriak partekatuz. Pentsamendu eta partaidetza zuzenaren espazioa izan nahi duen laborategi honek, pentsamenduak eta poesiak –hauen zentzurik zabalenean- etengabe zeharkatzen dutela, unibertso sinboliko eta praktiko prekario batean kokatzen da. Paolo Virnok, Periferiak-en aurreko edizioari agur esatean, berriro argitu zuen gure oraina: hainbat jazarpen jasaten dugula esan zigun, horren eragileak baititugu “lan sozial eta intelektualaren modu berriak, migrazio planetarioa, eta norbanakoen bizitza kontrol forma sofistikatu eta zolien bidez administratzen duen sistema baten mekanismoak, sistema horrek, osterantzean, gerra ekintza-politikarako modu gisa erabiltzen baitu, segurtasun/segurtasunik ez, ziurtasun/beldur, kontsumo/angustia binomioei loturik, boterea sakratu egiteaz gainera”. Ildo honetatik, gure analisiaren gunea kokatzen den esparru nagusia kapitalismo kognitibo deitua da. Eta dagoeneko badakigun moduan, erregimen berri honen ezaugarri ikusgarrienetako bat produkzioaren eta bizitzaren arteko asimilazio birtuala da. Kapitalismo kognitiboak, alde batetik, ekonomia politikoaren kontzeptuaren muga erakusten digu, terminoaren esanahi klasikoari jarraiki, baina bestetik zabaldu egiten du esparrua, kapitalismoaren errealitate politiko gisako kontzeptu berri baterantz, zentzu antropologikoagoan. Sare-gizarte berri batek irauli egin ditu bai produkzio harremanak bai botere harremanak, eta esperientzia moduak ere (espazioa eta denbora esperimentatzeko modu sozialak alegia) eraldatu egin ditu. Konplizitateak kiribiltzea Aristotelek esanari jarraiki onartzen badugu gizakia animalia politikoa dela lengoaia izateko eta zentzu-komunitate bat eraikitzeko duen ahalmenari esker, ez da harritzekoa izanen politika, gizatiarraren ezaugarri gisa, polis greziarra bezalako espazio-denborazko errealitate batean mamitu izana. Gizaki politikoak, Aristotelerentzat, oinarri bikoitza du, transzendentala batetik (fisis) eta sozio-historikoa bestetik (nomos, polis). Aristoteleren zoom politikom delakoari buruzko hausnarketa hau gure egun postmodernootara ekarriz gero, onartu egin beharko dugu gauza politikoa hutsune baten aurrean dagoela, eta hutsune hori bere maila filosofikoan (bizitzaren arrazionalizazioa) eta bere maila sozio-historikoan (nazio-estatua eta/edo klase sozialak) oinarririk ez izatearen ondorioa dela. Politikoaren zentzua zatitzeaz eta zalantzan jartzeaz gain, gauza politikoaren instituzio sortzaileari berari ere (espazioari berari) azpia jan diote, polis-etik metro-polis-era doan eraldaketa batean. “Denbora-konpresio batetik sortutako espazio kritikoaren errebelazio ustekabeko baten aurrean gaude, gizateriaren elkarrekintzazko jardueren espazio-denboraren uzkurtze teluriko baten aurrean, globalizazio ekonomiko, politiko eta militarraren garaian. Horretatik dator, hain zuzen, barneko eta kanpoko nozioen alderanzketaren kontu erabakigarria, dimentsioen krisi topologikoaren, aldi berean geometrikoak eta geografikoak diren dimentsioen krisiaren ondorio dena. Ondorio katastrofikoak dira, gaur egun nazioen Geopolitikaren gainbehera ekarri dutenak, giza biztanleriaren arloan Metropolitika administratibo eta murriztaile baterantz eramanez hain zuzen . Paul Virilok deskribatzen duen metamorfosi horren aurrean, orainak eskaintzen dizkigun askotariko erantzunek ez gaituzke konbentzitzen: politikoaren krisiak lengoaien diasporan aurkitzen ditu bere sorburua eta bere mugak, lengoaia horiek murriztu egin baitituzte, are desegin ere, eztabaida eta sozializazio espazioak. Horrexetatik, hain zuzen ere, ekainean Artelekun egingo dugun proposamena: “Mundu- ekonomia baten lurralde bilakaera: gerra demokraziak Estatu- nazioaren krisian”. Errizoma proiektu baten eraikuntzarantz jotzeak hausnarketa bat eskatzen du, fuga- lerroei buruz (Euskal Herriaren testuinguru espezifikoan mugitzen diren subjektu-aniztasunak kartografiatzea), lur-gabetze lerroei buruz (Periferiak-en barnean eta kanpoan aktibatzen den konplizitate unibertsoa) eta, azkenik, lurraldetze lerroei buruz (Periferiak-ek sostengutzat har ditzakeen espazio publikoak eta horien eta produkzio independentearen arteko harremanak). Periferiak behatoki irekia da: gure bilakaerak ez du aniztasun heterogeneoen eta horiek deszifratzen ahalegintzen diren botere-dispositiboen arteko tartea, gure ustez beharrezkoa den tartea, murrizteko helbururik. Periferiak ahalegin bat da, anizteko prozesuari, gu geu dagoeneko engranaje bat garen prozesuari buruzko hausnarketarako kanal edo bideak aktibatzeko ahalegin bat. Azpimarratu egin behar dugu, bukatzeko, kiribiltzen doazen konplizitateen garrantzia eta proposamenak hartzeko eta garatzeko aukera eman dezakeen agora publikorik ez egotea. Kontrolatutako plazaren aurrean, nahiago dugu zubia: ertzen arteko kontaktua, konplizitatea, partekaturiko borondate baten ekintza, konplizitate nomaden adierazgarri. Cortazarrek esan zuena pitin bat aldatuz, zubi bat zera da, gizon-emakume bat zubi bat zeharkatzen. Zubi jartzen duen tokian periferia jarri, eta guztia etengabeko fuga puntu bat bilakatuko da.
|