Angela Y. Davis

Mireia Sentís-en En el pico del águila (Ediciones Árdora, 1998) laneko laburpena.

Zure ustez, politika mailan herrialde hau zergatik ari da eskuinerantz jotzen?

Neurri batean, sistema sozialistaren desegiteagatik. Gobernu sozialistek arazo asko izan badute ere, batez ere ekialdeko Europari dagokionez, kapitalismoaren aurreko alternatiba bat ziren behintzat. Aukera hori desagertu denean, liberalen eta kontserbadoreen halako bategite bat gertatu da, halako mailan ezen kasu askotan ezin baita elkarren artean alderik aurkitu.

Zein eragin izan du komunismoaren desegiteak zure orientazio marxistan?

Denongan izan du eragina. Dena den, adierazi nahi nuke Kubak jarraitzen duela bere iragan sozialistari eusteko ahaleginean, eta Estatu Batuak jo eta ke ari badira ere maila ekonomikoan Kuba bakartzen, honek tinko eusten dio sozialismoarekiko konpromisoari.

Alabaina, haserrea nabarmena da Kuban bertan.

Herrialdea oso puntu baxura iritsi zen 1994 inguruan, baina gauzak orain hobeto doaz. Ekonomia turismora zabalduz irteera bat aurkitu nahi dute, nahiz bidean beste hainbat arazo topatuko duten. Baina, nire ustez, geure burua sozialista edo komunistatzat dugunontzat, garrantzitsua da Kubari laguntzea. XX. mendearen amaieran arrazakeriaz hitz egitean, gure analisian sartu egin behar dugu kapitalismoaren eraldaketa globala. Horrela egin ezean, kontserbadorismorantz abiatuko gara, denok batean, Louis Farrakhan-ekin gertatu den moduan; izan ere, honen politika kapitalismo beltz baten ideiaren ildotik doa. Beltz komunitateetan negozio txikiak sortzea gomendatzen du, hain zuzen Richard Nixonek bere garaian egin zuen moduan. Horregatik, nire ustez oso garrantzitsua da kapitalismoari egiten zaizkion kritikei eustea.

Zuk esaten duzun moduan, kontserbadoreen eta liberalen artean alde handirik ez dagoen herrialde batean, unibertsitatean irakasle erradikal asko dago, Angela Davis bera tartean. Nola azalduko zenuke paradoxa hori?

Historian zehar, askotan agertu da sistemaren barnean edo sistematik kanpo egotea aukeratu beharra. Baina kontua da sekula ez garela erabat kanpo egon. Unibertsitateetan lanik egingo ez bagenu, beste nonbait egingo genuke lana, oso garrantzitsua delako borrokarako plataformak sortzen jakitea. Honetaz gain, stablishment-arenak ez diren ideiak dituzten irakasleek zailtasun itzelak topatzen dituzte. Gutako batzuek katedra bat lortu dugu eta, beraz, halako toki seguru bat badugu, baina gehienak urte pila batean ahalegintzen dira, lortu gabe ordea. Katedrak ematea, halaber, zaintzeko modu bat da, jakina, hau da, benetako jarrera erradikalei eusten dietenak isiltzeko modu bat. Programa erradikal bat aurrera ateratzea beti izan da borroka handi bat, eta horixe izaten segitzen du gaur egun ere.

Angela Y. Davis - Ikusteko moduak/Kontatzeko moduak