Joaquín Jordá

[Memorie Periferiche-k (Livorno) 2003ko urtarrilaren amaieran egin eta Begiradak: miradas y memorias desde el margen argitalpenean (Koldo Mitxelena Kulturunearen eta periferike-ren elkarrekiko edizioa) jasotako elkarrizketaren laburpena].

P: Zergatik erabaki duzu zure begirada pederastiaren gaira bideratzea?

R: Auzo jakin batean bizi naiz –orain izen artifizial samarra du, Raval alegia-; baina Bartzelonan auzo txinatarra izaten segitzen du. Auzo txinatarra, urte askoan zehar, funtsean prostituzioan oinarritutako toki bat izan zen eta, honen osagarri gisa edo, delinkuentzia txikiarentzako babes auzoa ere izan da. Jean Genet bizi izandako auzoa ere izan da, hura artean eleberrigile ospetsu ez zelarik, eta heriotza-zigorra ezarri aurretik. Hortxe kokatu zuen bere Diario de un ladrón eleberri zoragarria. Beti prostituzioaren auzoa izan da, eta bizimodu txarrarena.

Filmeko protagonistetako batek ongi baino hobeto dioen moduan, bizimodu txarreko auzo hura izugarri auzo segurua zen bidaiariarentzat, pasadizokoarentzat, zeren eta jendea hara larrua jotzera joaten zelarik, garbi zegoen ezingo zuela egin diru-zorroa lapurtuz gero. Gauzak horrela, bertako indar biziak arduratzen ziren han bertan ezer ez gertatzeaz. Denbora igaro, eta negozioa pikutara zihoan. Brecht-en operan, Lau zentabo obran ageri den ideia berbera da: toki batean bizi behar denean, toki horretan ezin da lapurtu. Ezin duzu poliziaren arreta gehiago erakarri, giroa nahikoa kargatuta dago eta.

Denbora igaro ahala auzo hau, ezaugarri horien eraginez, Bartzelonako lurrik merkeena dagoen auzoa bilakatu da, are gehiago, hirigintzako berrantolaketa baterako aukera ematen duen auzo gutxi horietako bat da, era kapitalistako berrantolaketa izango bada ere. Bartzelonan ezinezkoa da goiko auzoetan berreraikitzea, burgesiaren auzoetan alegia; izan ere, lurraren prezioa ordainezina da. Alabaina, proletarioak bizi diren auzoan, azpiproletariatua edo lumpenproletariat delakoa hitz klasikoagoak erabiltzearren, lurra merkeagoa da. Lurra lortzen errazagoa, hitzaren zentzu bikoitzean inolaz ere: lur hau eros daitekeen lurra da, eta hementxe hasten dira manipulazio handiak. Hiriko goiko inguruetan zerbait gertatuz gero, itxuragabetzat jotako sexu portaerez ari naiz, goiko auzoak berak arduratuko lirateke hori ikusgarri izan ez ledin. Behe-auzo batean, horrelako auzo batean, gaiztoa baita definizioz, kontrakoa gertatzen da hain justu. Bizia ez da mugituagoa Raval bezalako auzo batean, kontua da miseria eta pobrezia oso gardenak direla, ez dutela disimulurik onartzen.

P: Nola hasten da filma?

R: Filmaren gaia bi arrazoirengatik sortu zen: batetik, lauzpabost urte badirelako Ravalen bizi naizela, Madril utzi eta Bartzelonara itzuli nintzenetik; bestetik, handik gutxira Arcadi Espadaren liburu bat atera zen Raval kasuari buruz, Del amor a los niños izenburupean, eta pentsatu nuen hau espazio bat eta, aldi berean, gai bat izan zitekeela. Arcadi Espadak eta biok ulertu genuen ez genuela gauza bera pentsatzen Raval kasuari buruz. Gertaeretan bat gatoz, ez ordea gertaera horiei ematen diegun interpretazioan: zergatik gertatu da hau eta zergatik une jakin batean. Arcadi Espadak, funtsean, gaiztakeria, interes lokalak, borrokak, eztabaidak, tokiko bertako etsaitasunak eta oro har eta zehazki hedabideen ergelkeria ikusten ditu horren atzean. Faktore erabakigarriak dira ‘Raval kasua’ deitu horren nondik norakoan, baina botere publikoen aldetiko erabilpen bat ere badago. Historia hau aireratuz, zabalduz, auzotarren protestak isilarazten saiatzen dira, asko baitira, eta ez naiz kopuruaz ari, baizik eta nabarmentasunaz. Udalak sekula ez die kasurik egiten auzotarren protestei, baina aukera hau baliatzen du kasua zabaldu eta, oso modu finean, zolian, saiatzen da gauza ikaragarri bat gertatu dela konbentzitzen.

Bere tesia honakoa da: Zer da orain munduan egin daitekeen gauzarik txarrena? Bekaturik, krimenik ikaragarriena: umeei eragiten dien zerbait. Dena uki daiteke, haurrak izan ezik, ukiezinak baitira. Egiaztatuz gero auzo batean ume askoren bortxatze sistematikoa gertatu dela eta gertaera hau sistematikoki auzoak berak ezkutatu duela, eskandalurik ez izateko tentazio inplizituaz, dena ezkutatze horrek berak erakusten digu auzo hau usteldurik dagoela. Dena ustelduta dagoenez gero esku hartu beharko da bertan; nola ordea, hamar etxe-sail moztuz. Auzo honetan barreneraino sartu eta garbitu egin behar da: gauza beldurgarri horiek gertatzen diren osin ilunak kendu.

K.O.´s-ek kontatzen duena [horixe zen dokumentalaren behin-behineko izenburua elkarrizketa hau egin zenean; handik hilabete gutxira estreinatu zutenean De niños izena zuen] ez da hainbeste kaosa, baizik eta boxeolariaren K.O.a. Denek oso atarramentu txarra izango dute, ez da inor salbatuko, eta aldi berean dena kaos hutsa da.

Joaquín Jordá - Ikusteko moduak/Kontatzeko moduak