Jørgen Leth

Jørgen Lethek (Danimarka, 1937) Literatura eta Antropologia ikasi zituen Danimarkan. Kazetari lanean aritu zen Aktuelt eta Politiken-entzat, 1967 arte. Leth, zinegileaz gain poeta ere badelarik, ahots berri bat izan zen 60ko urteetako Danimarkako poetika modernistan, funtsezko figura bat dokumental esperimentala landu zuten zinegileen artean, batez ere ABCinema artista-kolektiboari dagokionez.

Zine dokumentalari eginiko ekarpen nagusiak honakoak izan dira: The perfect Human (1967), Life in Denmark (1971) eta 66 scenes from America (1981). Lethen ezaugarria dugu, halaber, kirol dokumentalaren generoari modu mitiko eta epiko batez heltzea; horixe ikusi genuen, esaterako Stars and Watercarries (1973) eta A sunday in hell (1976) lanetan. Dokumental hauei esker, Leth kirol berriemaile gogokoenetako bat da Danimarkako telebistan, eta Frantziako Tourreko urteko konexioan parte hartzen du.

The five Obstructions (Bost baldintza) filmaren zuzendarikide eta protagonista da; “fikzio dokumental” hau Lars Von Trier-ek bilbatu du, Lethek berak 1967an zuzendutako The perfect Human (Gizaki perfektua) film laburraren inguruan. Azken hau maisulantzat du Dogville-ren zuzendariak.

Bere Working credo idazkian berak azaltzen duen moduan, bere filmografia osoan estilo berezi bat ageri da, eta narrazio forma esperimentalak dira honen ezaugarria.

Ikusteko moduak/Kontatzeko moduak