The perfect human Lethek laburtu egiten digu The perfect human-en jatorrizko ideia: “Publizitatearen lengoaiaz esperimentatu nahi nuen, horren estetika hotz eta minimalistaz: soziala ez erabili, eta pertsonaiak gela huts batean bakartu. Sinpletasuna bilatzen nuen, nire poeta izatearekin lotzen dudan irrika edo desira batez. Gainera, akasgabetasun automatikoaren ideiaren zentzugabetasuna zegoen, funtsezkoa baita publizitatearen diskurtsoan: eros ezazu bizimodu akasgabea... Ideia horrek liluratu egiten ninduen. (...) Sentitzen nuen akasgabetasun hori lortu nahi baduzu beti ikusten direla pitzadurak goiko azalean. (...) Uneoro ageri dira, etiketaz jantzitako kanpo-azal horretatik zehar, etsipen, min eta bakardade sentimenduak”. Bost baldintzak Lars Von Trier-ek bilbatutako fikzio-dokumental bat da. Jolas intelektual bat, kameretako bi handiren arteko borroka, eta zineko “joko arauak” (“sorkuntza estrategia hauek aurrekaritzat onartzen ditu Trier-ek Dogma 95-en”) finkatzeko artean maisutzat hartzen duen zuzendariari eskaini omenaldia. Bost baldintzak The perfect human film laburraren inguruan ari da; Lethek zuzendu zuen, 1967an, Trier-ek “maisulantzat” duen 13 minutuko film labur hau. Von Trier-ek Lethi zera proposatzen dio: “akasgabetik abiatu eta gizatiarrera iritsi”. Nola? Galdetu du beteranoak. “Min egiten duten gauzak erabiliz”, Trier-en erantzuna. |