Zubiak I: Ataca o acata

Josune Montón, Olaia Pazos, Iñaki Moral, Andone Esparza, Javier Barandiarán...

Josune Montón (beti dago nahasten den eta Edurne esaten didan norbait). 70ean jaio nintzen eta ordudanik gehien egin dudana, onerako edo txarrerako, zalantzan ibiltzea izan da. Ez zait bizi naizen mundua gustatzen, baina bertan bizi izateak aukera ematen dit alfonbra azpian begiratzeko, ezkutuan dena ikusten ahalegintzeko, eta horrekin guztiarekin zerbait egiteko. Eta hori bai, gustatzen zait.

Olaia Pazos. Ez dut gustuko denbora pasa esaten dioten gauza beldurgarri hori egitea, horregatik poesia eta antzerkia helduleku sendoak izan dira nire bizitzan, hormigoiz eta gabeziaz betetako mundu honetan. Antzerkiaren bidezko iraultzan sinesten dut, hitza izanik bandera. Behatzailea naiz, egongaitza, lotsatia, eta beste gauza pila bat, beldur, lotsa, ausartze, isiltasun, begi, esku, bertso, musu, amets, haserre, irribarre eta abarrez osatua.

Iñaki Moral autodidakta eta kalezalea, zirkuaren mundura hurbildu naiz, jendaurrean neure burua erakusteko baliagarri izango zaizkidan teknikak neureganatzeko; horixe baita lotsati handiusteko ororen desira. 10 urte kaleko animazioa egiten. Mugimendurik ezak eragiten didan beldurrak gauzak egitera bultzatzen nau, partekatzearen pozak eta neure mugek talde lanean aritzera eramaten naute. Kalean aritzea, kalea berreskuratzea, kalean dantza egitea, kalean deiadar egitea, kalean edatea... Puntu-puntuan jartzen nau.

Javier Barandiaran oso pertsona kontraesankorra da. Horixe uste du berak, batzuetan. Beste batzuetan ez du hori inondik inora pentsatzen. Oso pozten da ideia originalen bat bururatzen zaionean, baina berehala tristetzen da, ideia berak uste bezain originala ez dela konturatzen denean. Ez da bere burua definitzeko edo deskribatzeko gai sentitzen, ez lau lerrotan ezta berrogeitan ere. Horregatik kosta egiten zaio hau bezalako gauzak idaztea.

Andone Esparza endredatzailea eta bazter-nahaslea da berez; sorkuntza kolektiboa, arriskua eta sortze-kemena maite ditu. Komunikazio lanabes orok erakartzen duelarik, bizirik egote honi gatz puntua emango dioten abenturetan murgiltzeko irrikan da beti.

Zubiak I, II, III, IV, V