Periferiak ekintza da: begiradak eta memoriak ertzetik.

Periferiak ikuskizunetik harago joan nahi duten parte hartze zuzeneko uneak dira: ikuspen espazioak irekitzen dizkie hitz, mugimendu, hots, irudi eta isiluneei, arian-arian ideia fabrika bat sortzen dutela.

Periferiak-en parte hartzen duten idazle eta sortzaileek beren memoriarekin solas eta orainari buruz gogoeta egiten dute, hainbat ikuspuntutatik. Gaurko egunari aurre egiten dion mundu ikuspegi bat garatzen dute; periferia zeharkatzen dute, beren periferietatik abiatuta.

Bernardo Atxaga, John Berger, Lydie Salvayre eta Gianni Celatiren begiradak, eta María Muñoz, Paolo Virno, Yann Moulier Boutang, Ander Lipus eta abarren proposamenak agertuko zaizkigu, elkarri txanda hartuz. Beldurraren kultura, literaturaren zeregina eta ironiaren lurraldeak auzitan jartzeko; hizkuntza berrien lekua eta ezlekua probatzeko; hirietako mapak eta oraingo subjektu politikoen krisiak kartografiatzeko.

Zubiak, begirada batetik besterako zubiak, gauaren eta egunaren arteko zubiak. Ruper Ordorikaren musika eta OVNI, Periferike eta Gianni Celatiren dokumentalak lotuko ditu, Serge Teyssot-Gayren gitarra, poeta askoren errezitaldia eta Antzerkiola Imaginarioa taldearen proposamenak tartean direla.

Periferiak esperimentua da, eta Bilbo, laborategia.

Sentimenduak komunikatu, desirak piztu eta espazioak berreskuratzen dituen kultura bazter-kulturatzat hartzea ez da gauza berria... Periferiak, bertan bildutako konplizitateekin, orainean diharduten eta geroko jardunak sortzen dituzten begiraden topaleku izan nahi du.