|
Bernardo Atxagak Memorie Periferiche-n emandako hitzaldiaren laburpena
Bernardo Atxaga (Livorno, 29.1.03)
“Bilboko hiru mapa egin nitzake, sarreran aipatu ditudan
ereduekin bat egingo luketenak. Izen hori duen hiri utopiko bat egongo
litzateke niretzat, era berean nire nobela batzuetan, nire ipuin batzuetan,
aipatu gabe, agertzen den hiri bat.
Badago, azkenik, hiri bat, poemetan batez ere agertzen dena, baita orain
idazten ari naizen liburuan ere, eta existitu egiten da bertan eman nituen
urteei esker –hamabi bat, batuketa ondo egin badut–. Bilbo
hiri utopiko gisa: Bilbok duen izena izan dut beti gogoko. B hizkiaren
hotsa epela da. Beti defendatu izan dut hots hori, B letrarena, denboran
lehenengoa da. Alegia, alfabeto bat egingo balitz, hotsak denboran agertu
diren hurrenkeraren arabera, lehenengoa B letra izango litzateke, eta
ez A, haurren ahotik irteten den lehenengoa delako. Eta horregatik italieraz,
haurtxoei bambino esaten zaie; eta horregatik, euskal sehaska kanta askok
obabatxue obabatxuez hasten dira. Gaztelaniaz ere haurren ahotik irteten
den babaren B hori denboran lehenengoa da, eta niretzat, hori izan zen
nire bizitzan abiagunea izan nuen hartan, Obaba izendatu dudan landa eremuan,
azaldu behar zen letra.
Bilbok, era bitxian, bi be dauzka; hala ere, niretzat ez da inoiz jatorri
lekua izan, alderantziz baizik, bukaera, zeruertza, ametsa izan da; zehazki,
utopia izan da. Beraz, nik esan nezake nire bizitza b-tik b-ra joan dela”.
“Bilbon, zorionez, gure utopia pertsonalerako bidean, Gabriel Aresti
topa dezakegu, esate baterako. Hitzaurrean esan dut garrantzitsuena dela
hiriek poetak edukitzea, idazleak edukitzea, ezagunak izan daitezen. Gabriel
Aresti, garai hartan, Bilboko poeta zen, guk ikasi genuen hizkuntzaz,
euskaraz, idazten zuena. Bakarra zen eta, zorionez, Bilboko bakarra zen.
Berak idatzi zuen, oso ospetsua den poema irakurriko dut, gure utopia
nola gauzatzen zen, nola adierazten genuen, nolabait, azaltzen duena.
Izenburua du Nire aitaren etxea defendituko dut, eta Gabriel
Arestiren omenez irakurriko dut. Honela dio: “Nire aitaren etxea
defendituko dut, otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra,
defendituko dut nire aitaren etxea. Galduko ditut aziendak, soloak, korrituak,
errenteak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak
kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea.
Eskuak ebakiko dizkidate, eta besoarekin... Besorik gabe, sorbaldik gabe,
bularrik gabe utziko naute, eta arimarekin defendituko dut... Ni hilen
naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren
etxeak iraunen du zutik”.
"Lehen esan dut antzara batek beste antzara batengana eramaten duela,
portu batek beste portu batera; esan behar dut, baita ere, poeta batek
beste poeta batengana eramaten duela. Poema honek Blas de Oteroren bi
oihartzun dauzka, eta Blas de Oterok Cesar Vallejoren oihartzunak zituen,
eta horiek guztiek hitz egiten zuten guretzat Bilboz, gure hizkuntzaz
eta gure utopiaz. Bilbo nire hiri utopikoa izango da beti memorian, amets
oso baten laburpena, nire burutik iragaiten diren kezka guztiena, hiri
hori eredua izango da beti".
portuak hiriak
|