|
Burdinezko itsasadarra
Iñaki Uriarte (Burdinezko Itsasadarra:
Bilboko Itsasadarrean barrena ibilaldia; metropoli baten metamorfosiaren
agertokia, 1876 – 2003).
“Bilbo ezin da ulertu, itsasadarra nabigagarria izateak
hiriaren eiterako duen garrantzi handia azaldu gabe. Trazatu makurra,
gune ahur eta ganbilak sortzen dituena, hutsunea da, hiri bilbearen itxura
eratu duen aparteko kokapen balioa duena. Beste edozein hiri bezala, ez
da inoiz naturari bizkar emanda eraiki, naturarekin solasaldi onuragarria
eginez baizik: itsasadarraren aurrez aurre. Oso zehatzak diren ulertezintasun
aldi eta gertakizunak egon ere egon arren".
“(...) Bilboko itsasadarra giza esparruak, lan kokalekuak, espazio
publikoak, merkataritza tokiak, lantegi multzoak elkartzen dituen lurraldea
da. Industria Iraultzak inon izan baldin badu eragin berezia, Euskal Herrian
izan du orokorrean, eta zehatz-mehatz, oso pilatuta, Bilbo ingurunean.
Aldi berean, ertzetako herriek, beren premia berriez, hain hazkunde handia
izatean, etxebizitzen kopuru handiez gain udal eta gizarte ekipamenduak
egiteko arkitektura publikoak ere egin behar izan ziren: ur hornidura,
saneamenduak, azokak, pasealekuak eta plazak; baita komunikazioetarako
ere: tren geltokiak, ontziralekuak eta zubiak. Halaber, industria, portu,
ontzigintza eta burdingintza prozesuek eraikuntza eta tresna mekanikoen
aukera zabal eta ugari eskatzen zituzten, itsas eta ontzigintza jardueretarako:
meatze trenak, kaiak, dikeak, ontziralekuak, minerala zamatzeko tokiak,
gordetegiak, estalpeak, siloak eta biltegiak; edo industri ekoizpenerako:
lantegiak, pabiloiak, nabeak eta, ia eskultura izaera zutelarik, burdingintza
guneak, labe garaiak dagoeneko eraitsita dauzkatenak. Itzulbiderik gabeko
paisaia.
Instalazio horietako asko berriki eta pixkanaka suntsituak izateak, hainbat
elementuren zalantzazko egoerak, zenbait hiri proiekturen edo industria
hedapenaren izaerak, ustez berregiteko egin diren esku hartze gehiegi
eta desegokiek, ingurunez gabetutako tipologia eta egitura desegokiak
inposatzeak, hiri diseinua eta objektuen metaketa nahasteak, identitatea
galtzeak, zuhaitzak ere desagertzeak, horiek guztiek eskatzen dute industria
instalazio asko defendatzeko eta berriro erabiltzeko, eta hiri espazioetan
esku hartzeko irizpideak berriz sakon azter daitezela, eta itsasadarra
berriro uler dadila paisaiaren ezaugarri gisa. Lurralde konplexutasun
horri, iradokitzaile bezain oroitarazleak diren era askotako osagarriak
baititu, leheneratzeko erantzuna eman behar zaio, esanguratsuenak diren
testigantzen aurrean begirunetsua eta eramangarria den garapenerako irizpideak
aintzat hartuta.
Leheneratzea ez da soilik eraistea eta eraikitzea, hausnartzea ere bada
eta. Nolabait ere, Itsasadarra gure izatearen arrazoia da, memoriaren
zantzu guztiak ezabatu nahi dituzten erakundeen zentzugabekeriaren aurrean
baloratu eta errespetatu behar dugun lekuaren arima da, horiek industriaren
kultura eta estetikaren tresna guztiak hondakintzat hartzen baitituzte.
Espazio hori, Hiria munduarekin uztartu duen bide garrantzitsuena, Bilboren,
Euskal Herriaren eta bertako jendearen nortasun modernoa hoberen adierazten
den agertokia da. Itsasadarra, azken buruan, aurre-izateak, iraunkortasunak,
mozketak eta desagerpenak biltzen dituen kontaketa eta zerrenda da. Malenkonia
eta utopia; paisaia eta omenaldia. Itsasadarra burdinaren aberria eta
gorazarrea da".
portuak hiriak
|