Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951)


Jose Irazu Garmendiak Bernardo Atxaga deitzea erabaki zuen egun batean: Ekonomi Zientzietan eta Filosofian lizentziaduna zen, eta gizarte segurantzaren ziurtasuna utzi eta, hizkuntza minorizatu batean idatziz, idazle bihurtzeak duen ziurgabezian sartzea erabaki zuen, bere Biografia gisa testuan aitortzen duen bezala.

Idazle polifazetikoa da, eleberriak, poesia, kontakizunak, saiakerak, abestien testuak eta haurrei eskainitako liburu asko eta asko argitaratu ditu. Idatzi duen libururik ezagunena eta sari gehien jaso duena, Obabakoak (1989ko Literatur Sari Nazionala), 27 hizkuntzatara itzulia izan da.

Jose Mari Iturralde, Joseba Sarrionaindia, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla eta Jon Juaristirekin batera, Pott Banda taldearen ahotsa zen Pott izeneko underground aldizkarian parte hartu zuen (Bilbo, 1977). Pott bandak, hemengo idazleentzako gunea eskaintzeaz gain, Europako literatura eta arte mugimenduak zabaldu zituen.

Etiopia (1978), Bernardo Atxagaren lehenengo poema liburua, poesiarik existitzen ez den lekua da: gosete, gerra, izurritearen herria da, inorako bidean ez dagoen herria. Liburua, halaber, Rimbaud poetari egindako omenaldi bilakatu zen, poeta ospetsuak Etiopian bizimodu aberatsagoa izatea aukeratu baitzuen, poesiaren trukean.

Asteasuarraren narrazio lanak hasierako esperimentazio bideak utzi eta literaturaren geografia mistikoa jorratzeari ekin zion (Obabakoak). Gizona bere bakardadean (1993) idazlana joera errealistagoan sartzeko bidearen hasiera izan zen. Soinujolearen semea (2003), aurreko guztien gailur bikaina da.

Idazle hunkigarria eta dibertigarria, bere artikulo eta hitzaldiak, irakurle eta jarraitzaile zerrenda amaigabearen ahotan ibiltzea lortzen du beti –‘amaigabea’ hitzez hitzeko esanahi hertsienean hartuta–. Izan ere, Bernardo Atxagak, bere hitzaldi bakoitzean eta guztietan, jendetzak erakartzeko gaitasun misteriotsua dauka.

Atxagaren lanetan oroitzapenak duen garrantzia aztertzea fantasiaren bideetan barrena galtzea da. Erabiltzen duen mintzairak berak ere oroitzapenari buruz hitz egiten du, horren barruan arakatzen baitu, sineskeriekin zerikusia daukan mundu oniriko eta fantastikoaren bidez. Obabatik abiatuta, iragan urre-modernotik abiatuta, Bernardo Atxagaren hotsa eta oroitzapena unibertsal izatera iritsi dira.

Hala ere, hizkuntza batetik, hain zuzen ere Hizkuntza eta Memoria bihurtzen ahalegintzen ari den hizkuntza batetik, idazle periferikotzat hartzen dute oraindik ere.

 

Bibliografia - Nire ibilera dela eta - Memorie Periferiche-n emandako hitzaldiaren zatiak (Livorno) - solasaldiak