Memorie Periferiche-n emandako hitzaldiaren zatiak (Livorno)


Bernardo Atxaga (Livorno, 29.1.03)

“Uste dut poesiak, daukan esanahi orokorrenean leku horiei lagundu egiten diela; eta ez naiz poemaz hitz egiten ari poesiaz baizik, jendeak leku horiei gehitzen dienaz, alegia, batzuek beste batzuek baino lan handiagoa eginez, hainbatek idatziz, beste hainbatek hitz eginez, beste batzuek kantuz. Ez dira gauza bera norbaiten poesiari esker kontakizunak badituzten lekuak eta zorte hori izan ez duten eta basamortu izena merezi duten beste leku horiek.

Nik neuk, orain, gogoeta asko egiten dut bildumagileen poesiari buruz. Bildumagile batentzat, seiluak mundutik babesteko defentsa gisako zerbait dira, munduan soseguz egoteko modu bat, esan nahi baita, nolabait, zoriontsu. Bada, ildo horretan, gaurko ahalegina literatur geografiei buruz mintzatzea izango da, leku horiei buruz mintzatzea, eta zehazki, nik ezagutu nuen leku bati buruz mintzatzea, Bilbo izena duen lekuari buruz. Eta hasi baino lehen, erantsi nahi dut itsas portua denez, antzara joko horretan bezala gertatzen dela –ez dakit jokoa Italian badagoen, suposatzen dut baietz–, hau da, antzaratik antzarara ibiltzen garela. Uste dut portutik portura ere ibil daitekeela, eta portu bati buruz hitz egitea, nolabait, portu guztiei buruz hitz egitea dela.

Espazioak liburuetan hitz egiten du, beti egin du horrela, eta horregatik lekuz eta geografiez beterik egoten dira liburuak. Geografia horietako batzuk alegoriazkoak baizik ez dira, liburuetan agertzen dira idazle batek egoera jakin bat deskribatu nahi duenean, bizi garen mundu honetakoak ez bezalako gertaerak dituen egoera, justizia, esate baterako, nagusiturik dagoen egoera. Egintza literarioa erraza da, nahikoa da mundu honetakoak ez diren gauza horiek mundutik at, hain zuzen ere, ipintzea. Ez Frantzian, ez Italian, ez Japonian, inon ez dagoen irla batean baizik. Edo eguzkiaren hiri horretan, Amerikara joan zirenek eginahalak eginda ere, sekula bertan eraikitzerik egon ez zen horretan. Edo zeharo ezezagun dugun zeru horretan, edo esne eta eztizko errekak dauden paradisu era berean guretzat ezezagun horretan. Edo behartsuek urrezko harritzak aurkitzeko itxaropena zuten Eldorado horretan. Edo harako irla hartan, emankorren eta ederrenean, aberastasunez beterik zegoen eta bertako biztanleek birtutea kezka bakarra zuten hartan, Platonek Antartida deiturikoan.

Gogora dezagun orain Tomas Mororen utopiazko irla, edo hobeto, gogora dezagun hiriaren kokalekua erakusten digun mapa. Zer ikus dezakegu?: bada, mapa denez gero, ez dauka entitaterik, geografia abstraktua da, bertan ez dago toponimorik, ez seinalerik, ez oharrik, ez dago ezer. Ideiekin eta ametsekin zerikusia daukaten geografiak dira, alegoriazkoak deitu ditut, eta beharbada komenigarriagoa da utopiazkoak direla esatea.

Baina, liburu gehiago daude, eta geografia gehiago, eta geografiarik asko, gehienak, literarioak dira bakarrik; hau da, kontatzeko beharrak sortzen ditu: gertakariak nonbait gertatu behar dira, pertsonaiak kale honetan edo hartan ibili, etxeren batean bizi behar dira, honelako edo halako trena hartu behar dute. Gogoratzen dut, ni bizi nintzen herriko eskolan, neskato batek XII. mendean eta Ingalaterran kokatutako helikopteroei buruzko istorio bat idatzi zuela. Hura sinisgarria ez zela gaztigatu ziotenean, berriro ere heldu zion helikopteroei buruzko istorio bat kontatzeari, Turkian kokaturik hala ere. Gero, Australiaren txanda izan zen.

Neskaren pertzeptzioa egokia zen: zenbat eta urrutiago egon istorioa gertatzen den lekua, orduan eta sinisgarriagoa izango da, kontzientzia handiagoa edo txikiagoa izanda ere. Idazle guztiek erabiltzen dute arau hori. Baudelairek baieztatzen zuena gogora ekar dezakegu: alegia, itsas milia bat aski dela infinituaren ideia izateko. Itsas milia hori alegiazko infinituaren antzeko zerbait zela".



Bernardo Atxaga - Bibliografia - Nire ibilera dela eta - solasaldiak