Nire ibilera dela eta


Bernardo Atxaga
(Mari Jose Olaziregi, Bernardo Atxagaren irakurlea, Erein, 1998)

Asteasun jaio nintzen 1951n, eta artean oso gaztea nintzela sortu zitzaidan irakurtzeko eta idazteko gogoa. Alde batera, etxeko giroa izan nuen alde; bestera, herriko kale nagusian eta eskola inguruan bizi genuena. Zentzu horretan, gogoan dauzkat oraindik gurasoek erositako lehen liburuak –Dickensen Pickwick klubeko paperak tartean— eta nire orduko lagun eta ikaskideekin irakurritako tebeo eta entziklopedia desberdinak. Hamahiru urterekin, ordu arte ezagututako liburua, tebeo eta entziklopedia haien hizkuntza berbera erabiliz, nire aurreneko poema idatzi nuen, -ix errimaz baliatzen zena. Ez nion inori erakutsi, baina garbira pasa eta azal gogorreko koaderno batean geratu zen betiko.

Lehen ahalegin literaio haiek burutu eta berehala, gurasoek hirira hurbiltzea erabaki zuten, eta Andoainen jarri ginen bizitzen. Hala, bi herrien arteko zortzi kilometroek tarte handia zabaldu zuten nire bizitzan: ez bakarrik gizarte nekazari bat utzi eta fabrikak nagusi ziren beste batean kokatu behar izan nuelako; baita aldaketak haurtzaroaren amaieran harrapatu ninduelako ere. Egoera berrian, babes bakarretakoa Andoaingo Udal Liburutegian aurkitu nuen. Hara jotzen nuen egunero, eta hantxe irakurri nituen literatura unibertsaleko hainbat eta hainbat liburu. Zorionez, egin nituen lagun berriak ni neroni bezain literaturzale suertatu ziren, eta liburutegiko giroa gurekin eramaten genuen noranahi, marraskiloak bere maskorra bezala. Luze gabe, Donostiako La Salle ikastetxeko aldizkarian idazten hasi ginen, eta bertan antolatzen ziren idazketa sariak irabazten. Aldian behin, Bereziartua izeneko erlijio irakasleak piztuta, garai hartan hutsaren hurrengotzat jotzen zen hizkuntzan idazten nuen, hots, nire etxekoan.

Nire gogo eta zaletasunak mehegi ziren, ordea, idazle bidean aurrera egiteko, eta ez nuen agian liburu bakar argitaratuko baldin eta, Bilbora joan eta unibertsitatean nenbilela, Anjel Zelaietak eta Gabriel Arestik nire antzerki lan ttiki bat –Borobila eta puntua— aintzat hartu izan ez balute. Baina, zorionez –suerte oneko gizona naiz— ezuste hura gertatu egin zen. Areago, Gabriel Arestik gutun bat idatzi zidan nire idazteko modua goretsiz eta “Euskal Herriko seigarren idazlea denboran” izango nintzela aginduz. Gaztea nintzen oso, hemeretzi edo hogei urteko, eta Harri eta Herri-ren egile ospetsuak ematen zidan haize hura nireganatu eta idazle bihurtzea erabaki nuen. Orduantxe jaio zen Bernardo Atxaga ezizena, eta orduantxe argitaratu nituen nire lehen lanak. Horregatik esan izan dut, zentzurik onenean esan ere, idazle bezala aberri bat dudala guztien artean, eta aberri hori Bilbo dela.

Badira hasiera hasieratik osatuta etortzeko diren idazleak, bere ibilera nobela edo poema sorta borobil batekin hasiera ematen diotenak; zoritxarrez –nire suertea hain ona ere ez da— ni ez naiz talde horretakoa izan. Hamar urtetik gora kosta zitzaidan nondik nora nindoan ulertu eta, Arestik behin esan bezala, “nire untzia menderatzea”. Lagun izan nituen, eginkizun nekoso horretan, Pott bandako idazleak edo gerora ezagututako abeslari, pintore, eta beste hainbat jende; lagun, baita ere, Euskal Herrian azkenean erne zen gizarte berria; etsai, berriz, Euskal Herriaren egoerako politiko itogarria eta bertako erakunde literarioaren ahulezia. Nolanahi ere, arian- arian, liburuak hasi eta bukatuz joan naiz.

Behin batean, inork gutxik maite duen leku batean nengoela, harlauza batetik paper bat jaso eta Mallarmék –ix hizkiekin egin zuen poema aurkitu nuen frantsesez kopiatu, eta –nire bizitzako lehen poema gogoan— egokiera harrigarri hura augurio oso on bat zela iruditu zitzaidan, hots, ezkutuko indarrek, edo Parnasoko izpirituek, edo auskalo nork edo zerk, idazle izango nintzelako ziurtasuna eman nahi izan zidatela. Hogei urte geroago, poz bat daukat: ahalegin guztiak egin ditudala augurioa bete zedin.

 

Bernardo Atxaga - Bibliografia - Memorie Periferiche-n emandako hitzaldiaren zatiak (Livorno) - solasaldiak