| John Berger
(London, 1926)
John Berger berezkoa, sailkaezina den begirada duela ageri zaigu: begirada
horren argitasunak eta bizitasunak egunerokoa denaren dimentsio eta aukera
guztiak zeharkatzen dituzte. Begiradaren artista, ezoroimenaren hizkuntzaz
hitz egiten duen idazlea, eta periferiari aditasunez so egiten dion behatzailea
da. Bere lan guztietan, hitza ematen dio baztertutako ahotsari.
Nobelagilea, saiakera idazlea, pintorea, arte kritikaria, poeta, zinema
eta telebistarako gidoigilea eta, guztiaren gainetik, storyteller da Berger,
argitasun eta samurtasun mundu bat, Europako ingurune intelektualean entzun
daitezkeen ahots ziztatzaileen eta inkonformistenetako bat.
Tarteka Parisen, eta tarteka Saboia Garaiko herrixka batean bizi da, eta
leku horietatik oldartzen da, nekaezin, erkideen kontzientzia aseen eta
joera erosoen aurka. Eta horrela, bere lanak munduko milaka irakurlerengana,
gazteengana eta hain gazte ez direnengana, iristea lortu du.
Bere lehenengo nobelak, 1958an argitaratu zen A painter of our time
izenburuko lanak, kritika gogorrak jaso zituen, sobietarren aldekoak ziren
agintari hungariarren aurrean begikotasuna adierazten zuelako, antza.
G. izenburuko nobelarekin (1972) –pertsonaia nagusia Lehen Munduko
Gerraren aurreko urteetan Europa asaldatu zuten gertakizun garrantzitsuenen
begiralea da– Booker Prize sari ospetsua irabazi zuen,
sariaren zati bat ‘Black Panter' londrestarrei eman zielarik.
Beranduago, Into their labours izeneko trilogia (1991) osatzen
duten lanak azaldu ziren: Pig Earth, Lilac and Flag
eta Once in Europa izenekoak; bertan, landa eremutik hirirako
migrazio mugimenduek eragin duten deserrotzearen ondorioei buruzko analisi
sakona egiten du.
Bere saiakera zerrenda luzean, Bergerek begirada zabaltzeko dituen erak
deskribatu eta azaltzen ditu. Nabarmentzekoa da, agian, 1971n argitaratu
zen Ways of seeing idazlana; bertan azaltzen du zer eragin daukaten
gure ikusmoldeek pintura interpretatzeko moduan, jabetza ulertzeko moduan,
pinturaren ikusizko herentzian eta egungo publizitatean. Pinturak gaur
egun daukan egitekoaz, edo argazkien itxuretan oinarriturik sortu diren
kontatzeko era berriez hitz egiten digun unetik bertatik, John Bergerek
artera hurbiltzen gaitu, eta ondorioz, bizitzara.
Berrikiago hurrengo nobelak argitaratu dira: King –egileak
sinatu nahi izan ez zuen nobela, behartsuei dedikatzearren–, Photocopies
–milurtekoaren bukaerako Europan, egileak bizi izandako hogeita
bederatzi topaketa biltzen dituena– eta To the wedding
–aita batek Europan zehar egiten duen bidaia, Hies gaitza duen bere
alabaren ezkontzara joateko–. Edo ahaztezina den And our faces,
my heart, Brief as photos –gaztelaniaz argitaraturik,
Bergerek idatzitako poesia batzuekin batera, Pages of the wound
izenburupean–.
Bere ibilaldian, Jean Mohr argazkilari suitzarrarekin elkarlanean aritu
da (A fortunateman, A Seventh man eta Another way
of telling), Alain Tunner zinegilearekin (La salamandre,
Jonah qui aura 25 ans en l'an 2000, Le milie du monde,
1971. eta 1974. urteak bitartean eginda), Nella Bielskirekin (Goyaren
azken erretratua), John Christierekin (I send you this cadmium
red), eta Katya bere alabarekin (Tiziano: ninfa eta artzaina).
Eta beti egoten dira ustekabeak, probintzietako hiri bateko liburutegian,
esate baterako, poema liburu bat aurkitzea: Anne Michaelsen Miner’s
Pond lana, artista londrestarraren ilustrazioak dituena. Edo Pagine
della ferita argitalpen italiarrean, bere autorretratua aurkitzea,
daukan motozaletasunari erreferentzia garbia duelarik.
Gaurkotasunarekin duen konpromiso porrokatuak Paul Carlin zuzendariarekin
lan egitera bultzatu du, The Spectre of Hope filmean (UK, 2001).
Filmean gaurko munduaren bi behatzaile sutsu eta kritikoren solasaldia
erakusten da: hain zuzen ere, John Bergeren eta Sebastiao Salgado argazkilari
brasildarraren artean egindakoa, XX. mendeko historia osoan eragina izan
duten masako migrazio eta halabeharrezko exodoari buruzko argazkietan
oinarrituta. Bestalde, Case Sparse, Gianni Celati idazle italiarrarekin
batera egin duen dokumentala, abandonatutako etxe eta Po ibaiaren oroitzapenetan
zehar egindako ibilaldia da.
The Shape of a pocket izenekoan –bere azken lana da, Espainian
oraindik argitaratu gabe–, 24 saiakeratan, antolaketa ekonomiko
berriaren tiraniaren eta gizatasunik ezaren aurka sortzen ari diren
erresistentzia patrikak ezagutzera eramaten gaitu. “Inoiz ez
dut libururik idatzi hainbesteko premia sentsazioz”, esan du idazleak.
The shape of a pocket liburuan ere, bere idazlan guztietan bezala,
John Berger menperaezina topatzen dugu: bere freskotasuna, herrien eta
pertsonen askapenean, itxaropenean eta bizitzan duen fedea. A Painter
of Our Time liburuan idatzi zuen bezala, “Egiazko artista gizartea
hobetzea erdietsi nahi duen militantea da (...) Egiazko artelana komunikatiboa
da, horrela bakarrik luza baitezake posible denaren kontzientzia".
Bibliografia - John
Berger eta Livorno: Denboraren markak
Memorie Periferiche-n
emandako hitzaldiaren zatiak (Livorno) -
solasaldiak
|