Memorie Periferiche-en emandako hitzaldiaren zatiak

John Berger (Livorno, 30.1.03)

“Hainbeste alderdi daude errealitatean, haiei buruz hitz egin dezagun premiaz eskatzen ari direnak. Mundua hain zurruna izango ez balitz, eta hainbesteko oinazerik egongo ez balitz, abereak marraztuko nituzke, kuiatxikiak prestatuko nituzke, motoak gidatuko nituzke, eta nire ametsei buruz hitz egiten jarraituko nuke. Hala ere, gaur aukeratu dudan lehenengo mintzagaia Bushen azken hitzaldia da. Esan nahi baita Irakeko gerrari ekin egingo zaiola, horrek berekin daraman guztiarekin. Gerra horri ekiteko erabakia bizi dugun tirania berriaren osagarria da. Are argiago hitz egingo dut: koloso bat bizitzen ari gara, sinestezina den tirania zuri moduko bat. Eta horretan guztietan korapilatsuena da zaila dela tirania horren botere gunearen kokapena aurkitzea: mundu osoa baitu kokaleku, toki guztietan baitago presente, baina gunea, nolabait, ezin aurkituzkoa da.

Jakina, tirania horren eragileak ezagutu ditzakegu. Oraingoan, Etxe Zuria eta Pentagonoa dira. Hala ere, tiraniaren erabakiak kokatzea zaila da. Eta oso interesgarria da tirania horren paranoia –haiek terrorismo izendatzen dutena– era berean nonahikoa eta leku bakar batean koka-zina den terrorismoa izatea. Botere askok paranoikoa den beldurra asmatzen dute, beren ezaugarri berberak dituena.

Tirania horren ideologia ezagutzen duzue jadanik: kontsumismoa. Inguratzen gaituen ideologia da. Bere promesa erosotasuna da. Eta bere bitartekoak, egiatan, bi dira: B52en mehatxua, hau da, infernua bonbardatzea; eta mehatxu ekonomikoa: munduko ekonomia berriaren ildo berean ibiltzen ez bazara, zure ekonomia kaltetuta suertatuko da.

Zergatik esaten ari naiz hori guztia? Badirudi topaketa honetara iristeko bidea luzatzen ari dela; baina, ezin da hitz egin botereari buruz, guk periferia deitzen diogun zentro horretatik kanpo dagoenaz hitz egin gabe. Izan ere, tirania berriak –bere komunikabideak ditu, eta munduaz mintzatzen dira, bene-benetan lekurik ez daukan munduari buruz hitz egiten badute ere– esaten du, gure alde ez daudenak gure aurka daudela. Gure aurka daudenak periferian daude. Mundua eraikitzen ari da zentroaren eta kanpoan –hau da, planeta honetan bizi den jende gehienaren tokia– daudenen artean banaturik. Kanpokoak ez daude botere zentral horren alde, haietako asko bazterturik daude, baldintza ekonomikoek bazterrera bultzaturik, eta periferian daudenez, azkenean, ezabatuak izango dira”.

John Berger - Bibliografia

John Berger eta Livorno: Denboraren markak - solasaldiak