John Berger eta Livorno: Denboraren markak

Ixiar Rozas (Euskaldunon Egunkaria, 2001eko abuztua).

Iritsi naiz, azkenean. Italiako edozein hiri ezagunean egon nintekeen, kale ikusgarri batean, monumentuez inguraturik, baina Livorno aukeratu dut. Gida-liburuetan –eta Italiako historian beran-, nahiko baztertua den Toskanako kostaldeko hiria da Livorno: ez da ederra, ez du museo aipagarririk edo bisitatu beharreko monumenturik. Arima du, ordea, denborak arrasto sakona utzi baitu hiri honetan -besteak beste, Modigliani margolari liluragarria edo Italiako Alderdi Komunista hemen sortu zirelako-. Arima sakonekoa behar du izan, John Berger idazle eta arte- kritikari londondarrak haren liburuetan behin eta berriro aipatzen duelako Livorno. Eta neure begiez baieztatzera nator.

John Bergerren Páginas de la herida liburuan, heriotzaren gaineko hausnarketa gogoangarria topatu nuen, Hamabi tesi hildakoen ekonomiari buruz: “Batzuetan, gizakiok intenporalitatea bizi dugu (...) Une hauetan gizakiaren irudimenak (...) hildakoen irudimen arretatsua ukitzen du”. Esaldi hau –idazlearen beste askorekin batera- burutik kendu ezinik nabil aurkitu dudanetik, eta are gehiago txertatu zait The sixth sense filma ikusi ondoren. Irudimenari esker filmeko protagonistaren antzeko zerbait sentitu dudala aitortu beharra dut, Livornoko kaleetan Bergerrek bere testuetan aipatzen dituen margolari, idazle eta pertsonaiekin topo egiten hasi naizenean -zorionez, filmean ez bezala, modu jolasgarrian datozkit niri irudi guztiak-.

Gorriarekin egin dut topo iritsi bezain pronto. Sufrimenduaren, odolaren isla izan daitekeen gorriarekin; Bergerrek, Berger margolariak, hain gogoko duen kolorearekin; Caravaggiok, idazle britainiarraren margolari kuttunak, koadroetan hain maisuki erabiltzen zuenarekin. Izan ere, Munduko Bigarren Gerran portuaren garrantzi estrategikoa dela- eta, behin eta berriro bonbardatua izan den hiri honek ezin ahaztu duela sumatzen da airean.

Bergerrek Caravaggioren margoa ezagutzen ikasi zuen Gerra amaitu ostean Livornon eman zituen urteetan. Eta aurkikuntza honek eragin handia izan zuen idazlearengan: hamabost urte zituenetik anarkista bazen ere, indartsuekin eta boterea dutenekin zerikusirik izango ez zuela erabaki baitzuen Caravaggioren popolaccioa ikusterakoan. Botereari aurre egitea bizitza- jarrera hartu zuen, Rembrandten Zaldun poloniarrarrak –Bergerrek bere hilarrian jartzeko eskatu duen epitafioa-, patuari desafio egiteko prestatzen den duintasun berarekin.

Gorria da halaber Toskanan ekoizten den ardo entzutetsuaren kolorea. Eta gorria, argiagoa, Goldoni antzerki areto entzutetsuan 1922. urtean sortu zen italiako alderdi komunistaren bandera. Gorria ote ere Bergerrek, errepideetan barrena, kilometroak eta kilometroak egiteko erabiltzen duen motorra.

Livornoren erdigunea zeharkatzen duen kanalan barrena –hona datozen eta bertakoak diren margolarien inspirazio- iturria-, paseatzen nagoela Modiglianiren koadro batetik ateratakoa dirudien mutil eder batekin gurutzatu naiz. Begirada urratua du honek ere, eta, aurpegian, sakon eta gehiegi bizitu duenaren arrastoak. Modigliani´s alphabet of love artikuluan margolariak bere lan guztietan maitasuna oinarri duela ondorioztatzen du Bergerrek, eta, kanalera begira ari naizela, P. B. Shelley poetak Maitasunaren filosofia poemaren hasieran idatzi zuenarekin gogoratu naiz: “Iturriek bat egiten dute ibaiarekin eta ibaiek ozeanoarekin...”. Toskanako kostaldea zeharkatzen ari zela, zeraman itsasontzia urperatuta hil zen Shelley. Poltsikoan zuen Keatsen liburuari esker Shelley zela baieztatu ondoren, Livornon lurperatu zuten.

Idazle handi askoren itzalpean emakume bat ezkutatzen den arren, Mary Shelleyri, haren emazteari, historiak ez dio bizkarrarik eman: Frankestein hilezkor egin eta gure memorian itsastea lortu baitu Mary Shelleyk. Frankestein edo Prometeo modernoa, maitatua eta onartua izatearen beharrari buruz idatzi den istoriorik ederrenetakoa. Frankestein ez zen Livornon egon, baina liburuaren pasarte batean, munstroak errealitatea ezagutu eta ikasteko aurkitzen duen senitartea Livornoko kaleetara iristen da.

Izaera herrikoia eta ardoaren kultura itsatsita duten kale hauetara. Nonahi sumatzen baita izaera hau: dendatan, azokan, tabernatan, hondartzan eta kostalde harkaiztsuan, hiriaren oinarri ekonomikoa den portuaren mugimendu itzelan; eta honek oso abegikorra egiten du Livorno.

Fruta- denda bateraino eraman nau ibilbideak. Zakur bat nire hankekin jolasten hasi da. Bergerren King liburuaren protagonistaren izugarrizko antza hartu diot, baina hau ez da harrigarriena izan; zur eta lur geratu naiz zakurra mintzatzen hasi zaidanean, haren seigarren zentzumenak une horretan bertan esatera doana entzuteko beharra dudala jakingo balu bezala: “Nola uste duzu sortu zela Livorno? Mozkorrekin, prostitutekin, presoekin, neu bezala, bizitzak baztertzen dituen guztiekin. Hamalaugarren mendean Medizitarren Firenzak, portu bat sortzea erabakitzen duenean. Orain, ingurura begiratzea besterik ez duzu...”. King behar du izan, dudarik gabe, Bergerren azken eleberriaren zakur azkarra eta prestua. King zakurrak bakarrik hitz egin dezake horrela.

Fruta- dendako saltzailea harrituta dago nire isiltasunarekin, zakurrari so egiten diodan moduarekin, eta zerbait nahi dudan galdetu dit. Lipar batez, ile zuridun saltzailea, Umberto, G.ren protagonistaren aita izan daitekeela pasatu zait burutik. Umberto, fruta konfitatuak saltzen zituen saltzailea. Zuzenean galdetzera ausartu ez, eta fruta konfitatuak eskatu dizkiot. Aspaldian saltzen ez dituela esan didanean, ez dut dendan luzeago geratzeko aitzakiarik. G., maitasuna eta hedonismoa bizitzaren ardatz dituen Bergerren pertsonaia ahaztezina.

Izan ere, G.-k ondo adierazten du Livornoko biztanleen izaera zirikatzailea. Agerian geratu zen Modiglianiren granitozko buruekin orain urte batzuk gertatu zenarekin: hiru gaztek Modiglianiren buruak aurkitu zituztela iragarri zuten. Gertakizunak mundu osoko komunikabide eta arte- kritikari garrantzitsuenak erakarri zituen Livornora. Jakintsuek gazteek ziotena baieztatu zuten, buruak benetakoak ziren. Orduan iritsi zen egia aitortzeko unea: gazteek telebistara jo zuten, eta kamaren aurrean Modiglianirena ei zena bezalako beste buru bat zizelkatu zuten. Adar- jotze historikoa izan zela ezin ukatu, oraindik Italian, eta, batez ere, Toskanan, zeresana ematen duena.

Ezin baita ihes egin azalean itsasten diren denboraren markei. Bergerrek, behintzat, ezin izan du. Gazte zenean London utzi eta Frantziako Jurara joan zen bizitzera –orain udak ematen ditu bertan, eta neguak, berriz, Parisko auzune batean-. Eta nekazalgune honen eraginez idatzi zuen, esaterako, Into their labours trilogia ezaguna; bere egin duen estilo zuzenarekin, geometraren zorroztasunarekin: “Geometraren izpirituarekin idazten dut. Gauzak bata bestearekin konparatzea koordenadak zabaltzea da, eta horretarako erabiltzen dut nik metafora. Ez nuke nominalismoaren morroi izan nahi, gauzak izenek adierazten dutena bakarrik direla sinisteagatik”, aitortzen du idazleak G.ren orrialdeetan. Izan ere, duen sinismenarekin, ideologiarekin, koherentzia handia erakusten baitu Bergerrek. Bi adibide jartzeagatik: G. liburuarekin 1972an Booker Prize sariaren dirua Pantera Beltzei eman zien; eta King, bere azkeneko nobela izenpetzeari uko egin dio, industrializazioaren ondorio den deserrotzearen biktimei eskaini nahi izan dielako; kalean bizi direnei, deus ez dutenei.

Deserrotzeaz ari naizela, dagoeneko konturatu naiz Toskana mahastietan bezain errotua dagoela mediterraneoan. Eta itsasoen itsasoan nagoenez, kostaldera gerturatu naiz. Hemengo kostaldean malkartsuak dira itsaslabarrak, bihurgunetsuak, zoko ezkutuez beteak.

Arroka heze baten gainean mediterraneoaren urdina miresten ari naizela, ezusteko bat hartu dut. Zaldi baten kaskoak entzuten hasi naiz urrunean eta, hara non, Rembrandten zaldun poloniarra nigana gerturatzen ikusi dudan. Begirada goian, eskuak tinko uhaletan. Nire albotik igaro ondoren urruntzen hasi da; arroka batetik bestera jauzi eginez, hurrengo bihurgunean galdu den arte. Errepidera itzuli naizenean motor baten abiadak ileak tinkatu dizkit. John Berger dela otu zait, hain gogoko duen motorraren gainean, bere epitafioari aurrea hartu eta iseka egiteko azeleratzaileari barruraino sakatzen.

John Berger - Bibliografia

Memorie Periferiche-n emandako hitzaldiaren zatiak (Livorno) - solasaldiak