Livornon egindako elkarrizketaren zatiak (30.1.03)


Ixiar Rozas: Zein da literaturak egun duen tokia?

Gianni Celati: Hizkuntzak hondamendiaren tokia dira; John Bergerek ere horixe esaten zuen, Non gauden izenburuko bere artikuluan, hain zuzen ere orain uste delako hizkuntza dela egunkarietan erabiltzen dena. Adibide bat jarriko dut: argitaratu ditudan liburu guztien kasuan, editoreek nire eskuizkribuak zuzenketa proposamenez beteta itzultzen zizkidaten. Eta nik, beti, denbora luze eman behar izaten nuen azaltzen, lerroz lerro, zergatik nahi nuen testua manten zedin idatzi nuen bezala: beti izaten nuen arrazoiren bat. Orain dela gutxi ordenagailu bat erosi dut, dena zuzentzen duena: idazten dudan guztia zuzentzen dit. Zuzenketa horiek behartzen zaituzte behar bezala idatzita dauden egunkarietan bezala idaztera. Proba bat egin dut, nire ordenagailuan Gaddaren eta Delfiniren testuak sartu ditut: ordenagailuak den-dena zuzendu du; are gehiago, une batean esan ere egin du “ezin dugu hainbeste zuzendu, dena akatsez beteta dagoelako”.

Oso adibide ona da, literatura zer den adierazten diguna; izan ere, nik uste dut editoreek nahi dituztela ordenagailuak jadanik zuzendu dituen testuak. Gauza bera gertatzen da hizkuntza guztietan: ez dakit zein den gaztelaniaren eta euskararen egoera, baina bai ingelesarena zein den. Idazle askok idazten dute unibertsitatetik igaro dutela erakutsiz. Eta idaztea den lana gramatika eta sintaxiaren lanetik bereizteko ordua iritsi da.

Literatura suntsipenaren toki bihurtzen ari da estandarizatutako hizkuntzak direla kausa, nolabait ere. Hizkuntza horiek gure haurtzarotik zetorren guztia, familian ikasitako hizkuntzaren tonuak, musikaltasuna, baztertu dituzte. Nik koma sartu behar baldin badut gramatikak hala eskatzen didalako, gerta daiteke esaldiaren musikaltasun osoa galtzea.
Hori guztia, nire ustez, hain jasangaitz bihurtzen ari da, ezen ez baitaukat gogorik liburuak argitaratzeko, ez daukat ia gogorik. Terapia egiteko idazten dut, nire buruaz beste ez egitearren, beste gauza batzuk ez egitearren, eta horrela ondo dago.

Gauden unean, ez dauka zentzurik liburuak argitaratzen jarraitzeak, kasu horretan ere hobe baita gauzak ahaztuta mantentzea, etengabeko ezeztapen horretan; eta aurrerago, hori ezagutzen duenarentzat, hitzaren etorkizuna egongo da, beste era batez eta beste egoera batzuetan.

Ahozko hizkuntzaz hitz egiten ari naiz une oro. Eta italiarrei buruz ari naiz, Frantzian eta Ingalaterran bestelakoa da. Italiarren mintzaira burges bilakatu da: horrek esan nahi du ez daukatela hizkuntzarako belarririk. Hondoko hizkuntza kantua da, eta hitz egitea kantatzeko modu bat da: beste zerbait bilakatzen denean, ez da hizkuntza. Eta literaturaren osagarria hizkuntza da, kantatzeko era den aldetik. Hori da literatura, eta ez abstraktua den zerbait. Estandarizazio maila horietan, liburuak egunkariak bezala idatzita dauden zerbait bihurtzen dira: ez dago beste tokirik. Erabateko suntsipenaren unea iritsi da. Beharrezkoa da lur azpiko ibaia aurkitzea, irtenbidea egon dadin.

Ixiar Rozas: Memoria galtzea kapitalismoaren bultzatzaileetako bat da?

Gianni Celati: Memoria hitz zaila da, konturatzen baldin bazara, ezer gogoratzen ez dutenek erabiltzen baitute. Memoriaren arazoa konpondu gabe dago filosofia guztietan. Nik uste dut memoria, dokumentuen gordailu huts gisa, oroitzapen pertsonal gisa... ez dela existitzen. Memoriak bazterketa eta pentsamendu egoera hausten duen zerbaiten zentzua dauka. Enzo Melandri filosofo italiarrak garapen historikoari buruzko tesi bat egin du, eta bertan baieztatzen du zibilizazioaren historia eragozpena den guztiaren baztertze, kentze prozesu etengabea dela. Den-dena hausturen eta ezeztapenen orbanez eta zauriez eginda dago. Gizarteak, zenbat eta garapen handiagoa izan, orduan eta gehiago ezeztatzen du.

Hortaz, memoria traumatikoa den guztiaren ezeztapena eta bazterketa berriro azaleratzen den unea da. Memoria berriro azaleratzen den zerbait da. Eta hori diot, oso maiz komunikabide guztiak eta kulturaren industria guztiak hitz horren inguruan bizi direlako: eta gezurrezko den zerbait bilakatzen dute, haiek ari direlako Proustek borondatezko memoria deitzen zuenaz, eta hori guztiz gezurrezkoa da. Memoriak Europara etortzen diren eta guztiaren argazkiak egiten dituzten turisten itxura hartzen du. Iraganari buruz hitz egiten duten liburuen itxura. Memoria, horrela erabilita, pilatzearen kontzeptu burges bilakatzen da. Gizaki burgesak dena pilatzen du, dirua, makinak, dena, eta hortaz, baita memoria ere.

Trauma guztiak etengabe baztertzeaz hitz egiten ari naiz, eta memoriak zentzua dauka, bakar-bakarrik, ezeztatua izan den hori berriz itzultzen denean. Ez da berriro itzultzen kontzeptu edo arrazoibide eran, ezta irudi moduan ere, bibrazio, energia gisa bakarrik itzul baitaiteke berriro. Bergson filosofo frantses handiak zioen memoria inbutua bezalakoa dela. Alde batetik puntu bat dago iraganean, inbutuaren espiralean, eta bestetik, orainera berriro azaleratzen den zatia. Horregatik, une batzuetan, ez dago iraganik ez orainaldirik: lehenago ezeztatua izan den zerbait azaleratzen den unea da.

Gianni Celati - Bibliografia - solasaldiak