Lydie Salvayre

Lydie Salvayreren gurasoak –andaluziarra aita eta katalana ama– Frantziara erbesteratu ziren, gerra zibilaren ondoren. Haurtzaroa Toulousetik hurbil dagoen herri batean eman zuen. Eskolan frantsesez hitz egiten zuen, eta etxean gaztelaniaz, eta horrek lotsa sozialaren sentikizuna eragiten zion, jendaurrean hitz egin behar izaten zuenean. Sentimendu horrek argitzen du idazleak berak aitortzen duen ahozko hitzarekiko harreman zaila. Ahozko hitzaren aurrean, idatzizkoa defendatzen du: “Uste dut hizkuntzarekiko maitasunak debekatzen didala, batzuetan, hizkuntza ahoz erabiltzea”, baieztatu du Lydie Salvayrek, Maïté Lapierrek Hors Pressen egindako elkarrizketa batean. Bere idazlanetan, Lydiek hizkuntzaren hainbat maila nahasten ditu, daukan jatorri espainiarraren ondorioz. Bere iritziz, frantsesa hizkuntza klasikoak oso markatutako hizkuntza da, dotorea, eta gaztelania, aldiz, era zuzenagoan eta errazagoan uztartzen da hitz herrikoiarekin.

Hizkuntza Modernoetan eta Medikuntzan lizentziaduna da, eta hainbat urtetan psikiatra lanetan aritu da Marseillatik gertu. 1983. urtean, Parisen finkatu zen, eta bertan, haurren psikiatra lanetan aritzen da, aldirietako psikopedagogiako zentro medikoetan. Salvayrek egunerokotasun horretatik ateratzen ditu bere bulegoan edo kalean entzuten dituen hitzak. Idazketarekin oso haragizkoa den harremana dauka, bere gorputza zeharkatzen duen desirazko harremana.

Esan daiteke idazteak eman ziola daukan deitura, berezkoa duen, pertsonala den hitza irabazteko aukera eman baitzion: “Idazteak hitz egiteko aukera eskaini zidan”, azaldu du Hors Presseko elkarrizketa berean. Eta ez alferrik, bere lehenengo nobelak La Déclaration baitu izenburua. Hizkuntzaz etengabeko kezkatze hori La Conférence de Cintegabelle idazlanean ere nabarmentzen da; nobela horretan, bestalde, forma herrikoiek mintzaira klasikoa hausten dute. Les Belles Âmes geroago idatzitako nobelan, bakoitza bere mintzairaren guztizko jabea ez dela du abiaburua. Salvayre ahalegindu egiten da mintzairari bere bortizkeria osoa itzultzen, munduko bortizkeria guztia mintzaira horretara itzultzen. Hala eta guztiz ere, gaiztoa eta ezbeharra, Lydie Salvayreren idazlanetan beti agertzen direnak, ez dira inoiz etsiak, beti eragiten baitigute barrea, eta askatasunera ere iritsi daitezke. Itxaropena hizkuntza bat konkistatzeko gaitasunean kokatzen da, sufrimendua eta marjinaltasuna zukutzeko.

La compagnie des spectres nobelak –Prix Novembre 1997– deskribatzen ditu ama baten zoramena eta errebelamendua, semea 1943an Vichyko milizianoek hil zutelako, eta ama horrek ezin duela saihestu errebelamendua eta zoramena alabari kutsatzea. Nola transmititu iraganaren zama, gure seme-alabek belarriak estaltzea nola eragotzi, nobelan, azpian azaltzen diren galderak dira, eta izaera politikoa ematen diote; baina, horrek ez du esan nahi, Salvayreren aburuz literaturak egiteko politikoa duenik: literatura luxua da, literatura besterik ez da, baieztatzen du Lydiek. Alabaina, literaturak gizartean dagoen indarkeria aldatu ezin badu ere, sumintzen diren, matxinatzen diren nortasunak eratzeko bide ematen du. Komunikabideetan ez bezala, ezin baikaituzte esnatu boterearekin harremanak dituztelako, literaturak EZ esan dezake oraindik.

Bere idazlan guztietan, presente daude indarkeria eta egungo gizartea. Zinismoa, ironia eta umorea bere erkideen “dénégation” (Freuden terminoa da), hau da, ageri-agerian dauden gizarte arazoak ez ikusteko, garrasika ari direnak ez entzuteko gaitasuna salatzeko arma bihurtzen dira.

Bibliografia - solasaldiak