Dokumentala: Case Sparse

Case Sparseri buruz hitz egiteko modu asko daude: visioni de case che crollano.

Bere zuzendaria den Gianni Celatiz hitz egin daiteke, nahiago baitu koherentzia merkataritzako produktuen sorreran parte hartu baino: bere mundua den literaturari, “liburuek gero eta elkarren antza handiagoa daukaten marketing munduari” aurpegi egiten dio, eta lanerako eta pentsamendurako beste espazio batzuk bilatzen ditu zinemagintzan, izan ere, hor “dokumentalak ikerketa tresna bikaina izaten jarraitzen du”. Celatiren aburuz, begiratzeko moduekin zerikusia daukan guztia zerbait desberdin bihurtzeko zorian egoten da beti, eta egileak gogorarazten digu Alberto Giacomettik esaten zuena: “Artea ikusteko tresna da. Edozein gauzari begiratzen diot eta harritu egiten nau, eta ez dakit zehazki zer den ikusten dudana. Hortaz, kopiatzen saiatu behar dugu, besterik ez, zeri begiratzen diogun konturatu ahal izateko...”. Baina, hobe da berak zuzenean kontatzea...

Filmatze denboraz hitz egin daiteke –bost urte–; denbora horretan, Gianni Celati Italiako Po ibaiaren ertzeko etxe suntsituen irudiak grabatuz joan da, orduak eta orduak dira: etxe horiek, beren presentziaz soilik, erresistentzia leku bilakatzen dira, dena kontsumo produktutzat hartzen duen eta teknologia eredu aurreratuagoez ordezkatzen duen mendebaldeko fanatismoaren aurrean... Baina, aurreratuagoak norentzat? :

“Horrela, onartu egin dut etxeak erakutsi litezkeela ez iraganeko gordeleku melankoliatsu gisa, egungo paisaiaren funtsezko alderdi gisa baizik. Denboraren arrastoak ezabatzeko, dena berregiten den garaian, etxe horiek denboraren sakontasunaren markak zeuzkaten, eta geure buruari hauxe galdetzera bultzatzen gintuzten: zer egin behar dugu gure hondakinez?", azaldu du sortzaile italiarrak Periferikek egindako elkarrizketa batean. Hala ere, nahiago dugu zuek erantzutea...

John Bergerek dokumental honetan parte hartzeari buruz hitz egin daiteke, eta The Shape of a Pocket bere azken liburuan munduaren porrot handitzat jotzen duenari buruz: “Litekeena da jadanik kanpoko munduan ez sinistea, kontsumoaren estetika ikusgarrian proiektatzen dugun geure buruaren irudian baizik”. “Egungo gizakiarentzat –baieztatzen du Gianni Celatik–, zahartasuna eta gaixotasuna eskandalu modukoak dira: zahardadeak hartzen duen guztiari, etxeetatik hasi eta aurpegietaraino, eraberritze kosmetikoa egin behar zaio. Geure buruari galdetu behar diogu horretan guztian ez ote den ezkutatzen mundua errefusatze handia, kontsumoaren irudi ikusgarrien produkzioaren bitartez zabaltzen dena. Po ibaiaren ertzeko etxe zaharrak erortzearen zeinuetan oinarrituta, ahaleginak egin ditugu gure begiradak hondakinetara bideratzeko, eta gaixotasunari ez bezala begiratzen ikasteko. Gutxitan so egiten zaien gauzen pertzepzio hutsa, kanpoko munduari den bezalakoa begiratzeko gaitasuna indarberritzea zen helburua”.

Asko hitz egin liteke oraindik; baina, Gianni Celati ezagutu eta Memorie Periferichen (Livornon) elkarrizketatu ondoren, nahiago dugu bera berriro topatu otsailaren 26an, ostegunean, 19:00etan, Bidebarrietan Liburutegian.

zubiak